Igandea, 2013ko azaroak 24a.
Analisia.
Carlsen, haize
freskoa xakean.
Josu Tornay.
Aspaldi zen Magnus Carlsen (Tonsberg, Norvegia, 1990)
munduko onena. Orain, ordea, munduko txapeldun ere bada, 23 urte betetzear.
Gari Kasparov bakarrik izan da hura baino gazteago txapeldun, urte erdi
eskasagatik. Ez da antz bakarra bien artean. Carlsenen garaipenak, Kasparovenak
bezala, garrantzi berezia izango du xakearen garapenean.
Kasparoven garaipenak irekitzeen garrantzia areagotu zuen, eta piezen
mugimenduaren eta materialaren arteko erlazioa aldatu. Munduari erakutsi zion
zein puntutaraino izan daitekeen metodo ona peoi bat sakrifikatzea abantaila
dinamiko bat lortu eta hura aprobetxatzeko. Neurtezina da Kasparoven eragina.
Berak baino lehenago, Bobby Fischerrek ere irauli zuen xakea: Kirol-lehiaketa
aldea bereziki garatu zuen, entrenamendu sistematikoak landu zituen, arau
klasikoekiko jokoaren independentzia jorratu zuen eta joko zehatza inposatu
zuen.
Carlsenek, jokalari handi guztien moduan, beste pauso handi bat eman du. Bere
berezko estiloa definitzeko, esan daiteke ez diela ematen garrantzi berezirik
irekitzeei. Hori bai, besteek baino hobeto ulertzen, kalkulatzen eta jokatzen
ditu partida bukaerak. Fischer eta bereziki Kasparoven ostean asko garatu zen
irekitzean partida erabakitzen saiatzeko joera. Irekitzean abantaila atera eta
hura aprobetxatzera zuzendu dira jokalari gehienen ahaleginak azken hamarkadetan.
Carlsenek beste joko bat du. Bere helburua da irekitzearen ostean posizio
jokagarri bat lortzea eta partida bukaera dinamiko batera heltzea. Jokoaren
fase horretan onena da alde handiz. Viswanathan Ananden kontra erakutsi du,
aise irabazi baitio finalean. Azken txanpan erabakitzen ditu partidak, ederki
gainera. Bestalde, ez du hezur-haragizko entrenatzailerik, ordenagailu bat
baizik. Haien kalkulu potentzia ez badu ere, horrek irakasten duena Carlsenek
benetan barneratu eta erabili du. Bere maila eta gaztetasuna kontuan hartuta,
galdera da zenbat urte iraungo duen bere nagusitasunak.